Aterpetxea

gorozika-albergue

1998an Berenberegi kultur elkarteak Muxikako Gorozika auzoko eskola zaharra zaharberritu egin zuen, eta, euskara sustatzeko xedez, Gorozikan egonaldiak egiteko egokitu zuen.  Gorozika, auzo euskalduna izateaz gain, beste baliabide batzuk ere baditu.

Urdaibaiko biosfera erreserban sartuta egonik, natura aldetik balio handia duen lekua da. Hori dela eta, 2005ean Natura Eskola proiektua jarri genuen abian, eta hasierako helburu hari beste bat erantsi genion: gure natura ingurunea ezagutaraztea, Urdaibaiko ekosistemak eta hauen artean dagoen harremana zein den erakutsiz.

Gure eskarmentuak, prestakuntzak, kulturak eta inguruneak lagundu egin du pertsonak euren inguru natural, kultural eta sozialean errespetuz barnera daitezen sustatzen duten ekimen eta jarduerak urte askotan zehar burutzen. Gorozikako Natura Eskolan hainbat proiektu ditugu: Natura Eskola, Gure Arbasoen Eskola, Emozio Eskola eta Eskola Ibiltaria. Eskola eta lantegi horien bitartez, guregana etortzen diren neska-mutilek gizarte eta ingurumenean modu sortzaile eta solidarioan aritzea laguntzen duten ezagupen, trebetasun eta uste osoak berenganatzen dituzte.

Gorozika leku ezin hobea da taldeak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren edertasuna eta kultur eta natur aberastasuna ezagutzera etorri eta horietaz gozatzeko.